lunes, 30 de abril de 2012

Herriko beste fauna batzuk

Nik Ansorena enparantza atzo
deitu nuen gaur izena
ez duen plazan gertatu da bai
bertsotan esango dena.
Cocker Spaniel laranja baten
gorotzean euli, ez hiena,
bat zebilen ta bere atzetikan
zozo beltz bat, ez dozena.
Atzealdetik katu ilun bat
presa bila, dakiena
ondo egiten agertu da ta
nire baitan berdin pena.
Ta bat-batean euskal-artzain bat,
gure lagunik onena,
ageri da guau eginez eta
poza eman dit, zoramena!

Izotzean baina ez da hazten

Roald Amundsen ta Robert Falcon
Scott-ekin ai laguna
nire bizitzak beste antzaren bat
badauka, entzule kutuna.
Nik be ikurrina jarri gura dut
izoztuta ta erdalduna
duten euskaldun bihotzetan ta
bila barik oihartzuna.
Ta Hego poloan euskal bandera,
eta ez erdaraduna
Iparrekoan, arrisku handiko
beharra da zein astuna.
Norvegiarra edo ingelesa,
lortu bai, ez poztasuna,
saiakeran nik hau ikasi dut:
bazutela hazi euskalduna

Biziko bertsoa

Scott-engandik ta Amundsen-gandik
bizitzak, edonorena,
asko dauka eta zer da izango
daukanak norberarena?
Nireak eta nirea idazten
Robert-engandik duena
da iristeko grina handi hori
eta iritsi osteko pena.
Roald-engandik badu ordea
helmugara heltzea lehena
eta ariman klaro izatea
bigarrena helduko dena.
Baina nireak eta idazten be
badu, eta ere besteena,
bera izateko, ni izateko
desio ta itxaropena.

Zuekin

Norberak norberarekin zein
zeharo bakardadean
hitz egiteko batez ere
bi modu daude parean.
Bata ahots altuan datza,
bestea isiltasunean,
baina biak ala biak, txo!,
entzuten dira azkenean.
Idazterakoan, aizue,
izan zein ez bat-batean,
berdin-berdin gertatzen da ta
nago batan ta bestean.
Nirekin ta bi era hauetan,
nahiz izan bigarrenean
gehienetan eta hala ere
zuekin nabil finean.

Isiltasunetik musikara

Bertsoak egiteko, oro har
argi daukat idazteko,
nahiago dut egunez baino
gauez, badu azaltzeko.
Gauean normalean, klaro!,
da isiltasuna, iluntzeko
orduan zaratak aldentzen
dira, badu be ulertzeko.
Baina kanpoko zaratatik
at eta harago ere antzeko
gauza gertatzen da norbere
barruan, badu argitzeko.
Hor be zaratak ta soinuak
daude ta izkiriatzeko
barnean musika denean
nahi dut, badu aditzeko.

domingo, 29 de abril de 2012

Halere bihotzean beti

Durango herrian ta Ezkurdi plazan
ikurrinak badirela
esanda dago, baina esan barik
gertatzen dena, da honela:
Kiosko alboan ikurrina eder
bat ezin da uka badela,
baina erabat aldatzen da ba
urtaroa dela ez dela.
Udazkenean, ia neguan
ta neguan ai kandela
zuhaitzen bat ja ez du orririk
ta ikurrina dago itzela.
Balkoitik ikusi ahal baitut ta
eta ez ez bada horrela,
udaberrian, ia, osta udan
eta udan ez ai ze tela!

Oihalezko hezurdura

Durangon ta Ezkurdi plazan
dauzkagula ikurrinak
ja abestu dut, baina ez dira
denak berdinak, berdinak.
Nik kiosko alboan dena
dut gustuko, atseginak
izan daitezke besteak be,
baina izatez desberdinak.
Banderekin dauden bi hauek
ez dira hain dantzarinak,
telan ez dute haize ona hartzen
izateko bailarinak.
Musikalekutik gertuen
dagoenak ai bikainak
baino hobeto daki mugitzen
dauzkan gurutze lirainak.

sábado, 28 de abril de 2012

Ansorena kalea ez, Ansorena enparantza

Ezkurdi plaza ta Jose Migel
Barandiaran kalea
artean bada ba, Durangon garbi,
enparantza bat, zalea!
Hegoaldea aurrean daukan
balkoi batean alea
be den don Juan de Olazaran zuk
begiratu, abertzalea!
Ze goiz-goizetik, goiztiri aurretik
hortik nik goiz-goizalea
entzuten ditut txorien kantu
ta kantu ez dena, esalea!
Aldi berean nik txoriei
bertsolari, maitalea
gisara abesten diet, dizkiet,
entzun nauzu, euskaltzalea!

Hoberena

Niretzat, ez dakit zuretzat,
herrialde edo herri onena
litzateke natura hobetzen
ta ezin hobea duena.
Ta gizakia ere izadia
denez gero, ongiena
be da gizatasunekin be
hori egiten dituena.
Ta berdin gizartearena
edo politikarena
begiratzen bada, hori izango
da zelan ez zintzoena.
Niretzat ba, ez dakit zuretzat,
herrialde edo herri lehena
duda barik da be duena
bizitzarik hoberena.

viernes, 27 de abril de 2012

Zer eta norengandik gehiago

Ume, seme bat jaiotzean
izaten da ohikoena
noren antza daukan txikiak
galdetzea, arruntena!
Baina galdera horrekin beti
benetan jakin nahi dena
da noren marka fisikoa
duen haurra, errazena!
Hau da seinale hori baden
amarena edo aitarena,
baina beste adierazle bat da,
agian funtzezkoena.
Hots, jaioberri horrek nondik
hartu duen arimena,
hark daraman printzipioa den
batena edo bestena.

Ez-leialtasunari buruz

Maitasun bikote batean
batek bikote-laguna
erabat maitatu ezean
saltzea da oso komuna.
Desleialtasuna emanda
nahiz ta esan ez du zentzuna
esateak batak bestea
traditu duela, entzuna?
Zeren eta aldi berean
desleiala ai kutuna
norberarekin traidorea
ez al da ba ta erruduna?
Duda barik, baina baita be
azpisugea da, Jauna,
zapuzteagatik daukaten
bien artean ituna.

Herriko fauna

Nire gelako balkoi handitik
ikus dezaket txikia
den plazatxo bat non egunero
bada ikuskizun bitxia.
Gazte ikasleek klase ondoren
enparantzan txutxeria
jaten dute eta soberakina
lurrera doa eroria.
Alde egitean zozo beltz batek
sahats negartitik ia
ez du unerik lurreratzeko
eta hartzeko gozokia…
daukan pikutxo laranjarekin,
baina kaleko azeria,
katua, bere zain prest isilik
dabil be, natur-legia!

Bizitza politikoari buruz

Zenbat alditan entzun dugu
Franko hiltzailea izan dela
eta zenbatetan beragaz
bizitza hobea zela.
Berak baino gutxiago ETA-k
hil arren eta ez bezala
ez da esaten ba berarekin
hobe bizi daitekeela.
Ta hau ikusita arazo eta
politikoa badela
argi da ta konponbidea
aspalditik be bazela.
Zeren soluzioa ez al da
guk lez pentsa dezatela,
hots bi hoiek gabe existentzia
hobea dela, bestela…

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenean

Errege kopan finalean ja
izanda zurigorriek
San Mames zelai orlegitxuan
bart zeuzkaten aurkariek…
Lisboako zer ta katukiak
jan zituzten ai lehoiek
ta Europa Ligan goporra ere zain
dute ja geure heroiek.
Eta milesker bihotz-bihotzez
gure arimek ta aurpegiek
egun daukaten irriagatik,
xiribitak be begiek.
Laurogeigarren hamarkadatik
Bizkaiko hiria ta herriek
ez dutelako izan hain gertu
gabarra, gora geuriek!

jueves, 26 de abril de 2012

Beno, purgatoriora

Bertsolari lez, abertzale lez
ta euskal herritar gisara
jarreraren bat kritikatzean
datorkit zera bistara:
Kritikatuek kritikarekin
ta egilearekin, hara!,
haserretzean euren natura
dakartela argitara.
Daukaten jokamoldearekin
eta eurekin, errepara!,
ez dira inoiz edo gutxitan
amorratzen ta mezara
itxura handiz sartuko dira
domekatik domekara,
baina hobeto joango balira
infernuko garretara.

Familiarrak ezta?

Espainian bada izaterik
tranpatien erregea,
infidelen erregina,
prisa erraldoien printzea,
bi aurpegitxoen printzesa,
ezko-aretoen dukea,
ez-ondokoen infanta,
zigorgabeen kondea,
pilotakaden markesa,
pilotarien gortea,
adreilu urdinen baroia,
diru beltzen konde-ordea,
agindupekoen jauna,
zaldun kortesigabea,
baina inondik inora
euskaldun aske izatea.

miércoles, 25 de abril de 2012

Historiarako egurra ezta?

Nire gaitzak, gaixotasunak
daukan beste ama, iturria
Gabon zahar gau batean, Jauna,
igaro zen, ze afaria!
Nik neuk amaitu barik mahaitik
altxatzeko erabakia
hartuta poliki etxera
joan nintzen, ze bakia!
Granadako “koinatak” gal ta
hautsi zuena niria
den gelara atea jo barik
sartzean nahirik bronkia.
Nere amets-loa horrela etenda
neuk be jo gabe, horra egia!,
gelatik bota nuen ta jo
niola dio, aurpegia!

Historiarako lelokeriak ezta?

Edozein gaitz zein gaixotasun
aurrean gabiltzanean
garrantzia du jakiteak
arrazoia hasi zenean.
Nire kasuan zinegotzi
lez Durangon nintzanean
eman zen PSOE-ko batek
nire izena zikintzean.
PP-ko bati nik iraindu
niola esan zuenean
PP-koa ez zen sentitu
irainduta barrenean.
Horrek ja dena ez badu esaten,
nik esandako hitzean
ez da irainik eta iraintzeko
ez neukan nahia nirean.

martes, 24 de abril de 2012

Jantzia dena ez dago biluzik eta aldrebes

Adierazteko askatasuna
eta antzeko eskubideak
Espainian daudela diote
ta nik sinistu ai fedeak!
Zeren libertatea ondo
erabilita ideak
Estatua biluzik uzten
badute ai gizon eta andreak!
Lokabetasuna ahoan
ta min-baliabideak
eskuan dutenek bidaltzen
dizkizute hara berdeak.
Eta guzti eta arduratzen
zaiena ez al da jendeak
biluztasun hori ikustea,
zelan diren goialdeak!

Sastada bale, baina sastatzaileak zer?

Nirea defenditzearren,
ta hori zurea, euskalduna,
be bada, Lantegik urduri…
ikusten nau ai laguna!
Hori bakarrik izan ei da
psikiatrara, Goiko Jauna,
aldez aurretik niri eraman
nauena eta hortxe duguna?
Y qué te pasa galdetu dit
eta euskaraz erantzuna
eman nahi, baina ez zekien
geure hizkuntza ai hiztuna!
Ta Osakidetzan estatua
hori izanda erdalduna
nahitaez izan behar, baina
ulertu al gara?, iluna!

domingo, 22 de abril de 2012

Hilartitz

Iparraldean Oiz mendia,
Anboto Hegoaldean
ta Durangoko lur santu honetan
durangar bat bat-batean.
Miren Garaipen eta Inazioren
semea Franko hiltze urtean
Bilbon jaio zen, urriak hogei
batean ta udazkenean.
Euskara Lauaxeta Ikastolan
hartu eban ta Deustopean
soziologia, ze politika
Euzko Alderdi ai Jeltzalean.
Bizitzak idazlea egin zion,
maitasunak eta ezean
olerkari ta Euskal Herriak
bertsolari era askean.

Edo euskaldunak

Elefanteak duen hori
ez daukan ez monarkiak
armiarma baten sarean
dantzan dabil ai jausiak!
Odol urdina du errudunak,
don Juani don Juan txikiak
kendu ziona ez dio emango
infantari ai maitiak!
Printzeak ez du “hil” erregea,
printzesari aurpegiak
aldatu dizkio eta honek
ez du daukana ai Sofiak!
Erreginak dena jasan du,
alaba azkarrak argiak
edo Noos-ak ez ditu izan
ta txarrak dira ai gorriak!

Elefante bat hiltzeak…

Ez du bururik ezta hankarik,
dakar zer ta gorputz txarra,
ilea jotzetik dauka be
ta ekartzen digu negarra.
Txarto ematen du belarrira,
dakar aurpegira garra,
darama bihotzera mina
ta ezpainera kakatzarra.
Begiak erraz piz ditzake,
gorritu aurpegi ta abarra,
zikindu esku ta esku-azpiak
ta akatsez bete bizkarra.
Arima jartzen du ilunpean,
ai ze morea bularra,
azala hotzikaratuta
ta azpi-azpian indarra.

sábado, 21 de abril de 2012

Gernikakoa

Desagertzeko arriskuan den
abere bati bizitza
kentzen dionak zer ez du egingo
ai monarkia balitza
jausi dena ta mehaka-hezurra
txarto duena, eman hitza
desagertuta dagoen jada
politikari edo aditza?
Ez hau ez hori ta printzeari
krisian agintaritza
pasatu Espainian soilik delako
morroitza edo morroitza.
Askatasunak Euskal Herria,
ta Euskal Herria ez da Suitza,
ezinbesteko duelako ta
askatasuna da haritza.

viernes, 20 de abril de 2012

Urriaren hogeitik apirilaren hogeira

Azken urriaren hogeian,
nere urtebetetze eguna,
nire bigarren arrebak ni
zoriontzean, laguna!,
pozik agertu zen ETA-ren
jarrerakin, ba kutuna
triste egon behar zinen be, ezta?,
zure Espainiakin, ez Jauna?
Aldrebes gaur nik zorionak
zuri ematean duguna
ez dizudanez esan horra
doa ba bertso-gutuna.
ETA-k konponbidea nahi du,
zure horrek afera, entzuna?,
ba badakizu, ondo pasa
egunak eta eguna.

jueves, 19 de abril de 2012

“Izaroko euskaldun bat Kalaharin”

Polizi ona eta txarraren
pelikula, betikoa,
nork ez du behin eta berriro
ikusi eta ez ikusi, ohikoa.
Baina oraingoan karteleran,
ez da izango klasikoa!,
“errege txar ta printze ona”
dabil, kaka artistikoa!
Zine zirkuitoetatik at,
filma ez, bizi-bizikoa
den histori pertsonal bat be
bada ta politikoa.
Protagonista hori herria
delako ta herrikoa
duenez izaera izango
da oso begi-begikoa.

miércoles, 18 de abril de 2012

Ander, zure urrina dauka

Markel Ansorena-ri, etxera
heldu ez den jaioberria,
batez be ikustera joan ginen
atzo goizaz, ze berria!
Ta oparia umea denez
bihotz betea, egia,
bakarrik generaman, baina
koska neukan finegia.
Anderrek esan zuelako
bere anaiatxo txikia
loreak lez usain egingo
zuela, ta ez da horrela, ia!
Lili zuri-gorrixka batzuk
erosiz doa esaldia
eta bai, Javier Matas, ziren
zinezkoak, galdetzia!

martes, 17 de abril de 2012

Jaioberria, Matas-tarrak ere

Virginia Ansorena-ren eta
Javier Matas-en semea,
Markel Ansorena, ongi etorri!,
atzo jaio zen, fedea!
Gurutzetara aitamarekin
ze maite-pozaz betea
joan naiz zu natur-mirari
ikus gaitzazun, berea!
Ta ondoren zure gurasoen
ezkontzara ai maitea
joan ez zirenak sorpresa!
handik pasau dira, umea!
Paquito, Conchita, buruan
ez dudana ta bestea,
Andoni, autista bat, Kristona!,
ziren, lobatxo gaztea!

lunes, 16 de abril de 2012

Aberezaleak eta norberezaleak

Izerdi ta odola kostata
Botswanaraino, Afrikara,
lagun batek bolondres gisa
joan da, ez ehiza-erretserbara!
Ta izena ez duen sabanako
errege bati tronpara
esan dio Errepublika nahi
baduzu deituko zara.
Monarkak ta gortea ordea
safari hilgarrietara
hortzak erakutsiko duen
foto bila doaz, hara!
Ta ezbeharrak egon daudenez
horra galdera bertara:
zelan da elefante inozoa?
Lehoizalea gisara?

Markelentzat

Gaur Virginiak eta Javierrek,
nire arreba ta senarra,
Gurutzetara joan dira
umea eukiteko, arra!
Markel, Jainko medio, izango da,
Anderren anai bakarra
eta Ezkurdin biziko denez
gure artean durangarra.
Beraz ea dena ondo doan
ta ahal bada den gauza azkarra
zeren irrikitan aspaldi
gaude entzuteko negarra.
Zoriona emango diguna
ta izango dena, indarra
horretan jarriko dugu eta
be etorberriak, gutarra!

sábado, 14 de abril de 2012

Dena emateko mementoa

Bizitzak badauzka ahaztezinak
diren unetxo bikainak
eta olerki honetan bakarraz
ariko naiz, bertso-zainak.
Aspalditik eta ezkutuan
maitatutako ezpainak
berbera sentitzean eta
bat egitean bi orainak.
Orduantxe elkartzen dira
begiak eta bekainak
baietza emateko eta emango
dute mugi gabe ezpainak.
Eta ahoek ulertzean
eta anaitzean, mingainak
jakinean da ta jadanik
emanak ditu dohainak.

Nire lehen Zortziko Txikia

Eskozia, Katalunia
ta Euskal Herria,
askatasunik gabe
bizi da aberria.
Gaita jo, altxa Castellers
ta euskara ein berria,
baina libre izan barik
hilda sorterria.

Lerro bakarra

Bertso baten Euskal Herria
zer da, euskara pil-pilean,
ez dena Espainia ez Frantzia,
euskalduna aire librean,
Bizkaiko Golkoko itsasgora,
Nafar haizea etxean,
Kontxako perlaren distira,
Gernikako Arbola ohean.
Ikurrina Hiru “Erregeen” Mahaian,
Ipar bafada kalean,
Bidasoan pirata zahar bat,
Izaro, arnasots balean.
Txapel baten hegaldi askea,
irrintzi haroa bakean,
dantzari ta txistua abian
eta aizkora katean.

jueves, 12 de abril de 2012

Bi txartel gorri eta hori bat

Non dago kautxuzko pilota,
non jostailuzko eskopeta,
non franko-jaurtilaria ta
non gomendioa ai karpeta!
Non da buruaren burua,
non barneko grabaketa,
non laburmetraia, non porra-
estentsiboa ai kareta!
Non dago mandu-katea, non
tolerantzi hutsa, sekreta,
non kamara ezkutua, non
herri babes ta zainketa!
Non da zuria, beltza ez bada,
non da poza, non hileta,
non anbulantzia lehenengoz
ta ez du balio hemen ETA.

miércoles, 11 de abril de 2012

Libururatu gabeko idazkiak eta aldrebes

Lodieragatik batez be
ta azalagatik, gertutik
ikusita, liburu batzuk
mantentzen dira zutunik.
Idazkeragatik ordea
ta esanagatik, barrutik
begiratuta, beste askok
horrela diraute zutik.
Ta potoloak txarrak eta
finak onak ditugunik
ezin da ukatu ezta ere
aurkakoa daukagunik.
Baina mozkorrak ta bikainak
izanda be, al du zentzunik?,
libururatzen ez direnak
daude ere euren kabutik.

martes, 10 de abril de 2012

Futbola politika izan edo ez, partidu aurrekoa ta ostekoa bada

Geure Athleticek, geure lehoiek
historia edo edeskia
eginda duten denboraldian
gauzatu da sarraskia.
Zurigorriek, Lezamakoek
kondaira ta mitoa ia
itsasadarran, ibai-ahoan
daukatenean, ze ostia!
Etxeko zaleari bizitza
“ertzain” beltz batek, guztia!,
kendu dio non eta garaipen
ospakuntzan, tragedia!
Eta gogoan zaitugu Iñigo
ta no hay derecho, egia!,
zioen kartel kenduezinak,
ta eskelak?, argiegia!

lunes, 9 de abril de 2012

Asko eman ta gutxi eskatu

Egunen baten sariren bat
mereziz gero zergatik
izan zitekeen eta zer
gaitzat emanda badakik.
Ba bai, bertsogintzan jo eta jo
ondo joz izanagatik
zer izango da ba, txapela!,
bazenekin?, honegatik!
Politikan politikari
gisara aritzeagatik
makila ta makil ezean
armarria, denagatik!
Ta Euskal Herriari bizitza
gurata emateagatik
ikurrina eta ez balego,
lauburua, ez horregatik!

domingo, 8 de abril de 2012

Elkartrukaketa

Bertso bat egiteko asmoz
idazmahaiaren aurrean
jartzen naiz ta beti burura
datorkit hauxe atzean:
Nire zain dudan, zuri-zuri,
orri birjinari etxean
nigandik zein niregandik zer
emango diot heltzean.
Eta alderantziz be, bere zain
naukanez jada idaztean
beragandik zein harengandik
zer hartuko dut tartean.
Zeren hartu-eman horretan
edo eman-hartu batean
bertsopaperak sortzen dira,
umeak lez, amestean!

sábado, 7 de abril de 2012

Idazteko edo idazteke

Bertsogintzan edo bertsotan
jo eta su, bete-betean
idazten dagoenak hauxe
jakingo du bat-batean:
Buru-belarri horren froga
bertsoen kalitatean
soilik ez dela ezta ere
bertsoen kantitatean.
Gero eta bertso hobeak eta
gero eta gehiago astean
izateaz gain honako hau
pasatzen delako ostean:
Gero eta bertso hobeak eta
gero eta haboro tartean
dituela, dauzkala baina
izkiriatzeko urtean.

Apurka-apurka

Bertsoak idazterakoan
zailtasunak berehala
datozkit ta mila zalantza
dauzkat nola edo hala.
Izan daiteke aditzaren bat,
ortografia formala,
deklinabide kasua edo
hitza aurkitzea, ez normala!
Doinuarekin be asmatzea,
errimaren muina, azala,
neurriaren baldintzapena
zein denboraren itzala.
Noiz ez berba baten silaba
kopurutxoa, totala!,
jakitea ze ez da berdina
“hala” esan edo ahala.

viernes, 6 de abril de 2012

Ezebez

Durangarra naiz, euskalduna,
bertsolari edo poeta,
gudari politikoa ta
soziologoa, ese, zeta!
Langilea be, lankidea,
baxujolea, ez tronpeta,
askatzaile zein bakegile
ta erretoriko ai berbeta!
Idazlea naiz, naturzale,
kondairagile, ez profeta,
euskararen laguna, baita
edil ohia, ez dut karneta!
“Zu etxerako” hoietako bat naiz
hala ere, etxetiar, aszeta,
artistegia beharbada
ta abertzale handi, bai eta?

jueves, 5 de abril de 2012

Nire existentziaren bihotza

EAJ-ko lagun batek
esan zidan ez didala
Durangoko kalean zehar
aspaldi ikusten, normala!
Zeren lanetik idazmahaira
nabil ta aldrebes, leiala!,
eta akaso hori ez al du ikusten,
ze ahal da ikusi berehala.
Eskuineko begiarekin
begiratzen dabil, hala!,
eta horrelaxe ez da kapaz
ikusteko beste atala.
Nire muina osoa daukana,
barrua dena, ez azala,
bizitzari zera hori ematen
diona, argia, ez itzala.

Neurona eta taupada kontua

Zergatia edo arrazoia
galtzen duenari eroa
deitzea zuzen-zuzena al da?,
nire erantzuna ezezkoa.
Indarra jada irabazita
daukanari baiezkoa
nik emango nioke agudo,
horra aproposa zoroa.
Bihotz gabe ta arima barik
dabilena edo otsoa
dena beraz zoramenean
dela esatera nihoa.
Hala ere erokeria
ta zoraldia edo aroa
ez dira gauza bera eta
osasundu ahal da, hor gakoa.

miércoles, 4 de abril de 2012

Euskal errepublikaraino eta urrunago

Lauaxeta Ikastolara
joan arte, bost urterekin,
diktaduraren pean bizi
nintzen ni euskaldunekin.
Beste hogeita hamaika urte
ez demokraziarekin,
monarkia ta España azpian
baita ere beste herriekin.
Ta diktadura ez dut gogoko
ta izatekotan nirekin
gure herriaren diktadura
nahiko nuke, be gurekin.
Ta demokrazia atsegina
izateko euskararekin
izan behar da eta euskalduna
ta berdin erregeekin.

Requiemaz

Bakeagatik ordainketa
politikorik ez dela
egin behar zenbat alditan
entzun dugu, ez da horrela?
Gatazkagatik, gudagatik
lore-boneta eta bela
be ordaintzeko prest daude ordea
berberek, baita ere eskela!
Eta denok irabaztea
erraza litzatekeela
argi dago, baina ilunean
jarraitzekotan daudela
ere bai eta honela izanda
denok galtzear gaudela
zelan ez, eta berdin zaie
hemengo egi krudela.

martes, 3 de abril de 2012

Bestela ez gara ari politikagintzaz

Politikan alderdiaren
esana bete egitea
kide baten betebeharren
artean lehena da, ea.
Baliteke eta baliteke
aldrebes ere izatea,
baina ez batak eta ez besteak
du, dauka egi betea.
Bando ta alderdikidearen
eginkizun ai jentea
nagusiena delako edo
herriari hitza ematea.
Eta bera bete ondoren
txarra bada esatea
ta irabazi arrazoiarekin,
baina herriak agintea.

lunes, 2 de abril de 2012

Tamalez eta mesedez

Euskal Herriaren alde edo
lan eta lan dabiltzala
badira diotenak, baina
duda dator hala edo hala.
Zeren zeregin horretatik
irabazkin materiala
batez ere eskuratzen dute
ta ez galera pertsonala.
Alderantziz gertatzen zai…e
beste askori, esentziala
dena galdu, noiz ez daukaten
galtzapen be kapitala.
Eta lehena txarra ez bada,
etekina al da morala?,
hurrenari ez deritzot ona
ta ez dadila izan normala.

domingo, 1 de abril de 2012

ETA eta ETB 1 – ETD eta ETG 0

Euskal gatazkaren finala
demagun abian dela
ta norgehiakoan bi talde
aurrez aurre badaudela.
Euskadi eta askatasuna
eta bakea, itzela!,
eta España… y dependencia
y guerra lehian direla.
Hori emanda jokoagatik
abantaila ona dutela
lehenek diot eta defentsan
jo eta su dihardutela.
Zeren aurkariek jo eta jo
dabiltza, uler dezatela
txapeldunek txapela berez
daukate dion kartela.